Elkargo bakarraren alde agertu dira 66 auzapez ohi

Ce message est également disponible en : French

BERRIA – Euskal departamenduaren eta lurralde kolektibitatearen alde zeuden gisan, Helep egitura ere sostengatu nahi dute hautetsi ohiek. Euskal Kosta-Aturriko auzapezek jarreraz alda dezaketela uste dute.

Ipar Euskal Herriko elkargoari buruzko iritzia ematen ari dira herriko etxeak asteotan, eta auzapez ohiak ere hasi dira hautetsiak konbentzitu nahian. Zuberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko 66 auzapez ohik mozio bat izenpetu dute Herriarteko Lankidetza Erakunde Publikoaren (Helep) edo elkargo bakarraren alde, hain zuzen.

Izen ezagunak badira horien artean. Erraterako, Christine Bessonart Senpereko auzapez izandakoa, Battitt Salaberri Hendaiako alkate ohia, Andde Darraidou Ezpeletakoa, Leopold Darritchon Bastidakoa edota Frantxua Maitia Izpurakoa.

Darritxonek azaldu duenez, Mitterrandek 1980.hamarkadan egindako proposamena aitzina atera ez izanak “umiliatu” egin zituen auzapez horietako anitz, eta ez dute nahi ezagupen instituzionalerako “aukera historiko hau” galtzerik. Gaur egungo hautetsiei elkargo bakarrari baiezkoa erantzuteko dei egin diete.

Barnealdea indartzeko

Auzapez ohien ustez, Euskal Kosta-Aturriko auzapezen kontrakotasuna ez da botere gosea baino. Ez dute horien aurkako kanpainarik egin nahi, ordea. Elkargo bakarraren alde jartzera animatu nahi dituzte horiek ere, Ipar Euskal Herriko kostaldea eta barnealdea elkartzeak onura dakarrelakoan, bereziki herri txikiei. Hala adierazi du Marie Antoinette Etxebarrenek: “Nahi bada barnealdea bizirik atxiki, orain da mementoa”.